Egun hauetan herrian "Euskaraldia" dugu, 11 egunetako gizarte-ekimenik haundiena euskararen erabileraren alde, beno, esango genuke inoiz egin den herri-ariketarik haundienetarikoa dela honakoa. Hori dela eta, antolakuntzan ibilitako herritarrekin kontaktuan jarri eta beraien bizipenak kontatzeko aukera proposatu genien, egunean bertan jaso genuen erantzuna, hona hemen informazio, kontu eta errelato guztiak, kar, kar kar! Milesker kuadrilla! Izan huntsa eta goza ezazue.

 

Zenbat Ahobizi eta Belarriprest daude Altsasun?

514 ahobizi eta 182 belarriprest. Guztira 696 altasuar ari dira ariketan parte hartzen. 

 

 

Antolamenduan, nortzuk ibili zarete? 

Udaberri bukaeran herriek izena eman behar zuten epean, Sakanako bilerak izan ziren eta haietan ibarreko hainbat herrik izena ematen zutela ikusi zen. Haietatik aterata, Sakanako Mankomunitateko, Guaixe fundazioko eta AEK-ko ordezkariak argi ikusten genuen Altsasu Euskaraldiko dinamikatik kanpo ezin zela gelditu. Aurretik, euskalkiaren inguruan dinamika indartsu bat egon zelako eta uste zutelako tren hori galtzen utzi ez zitekeelako. Azken batean, Euskaraldiak aldarrikatzen duen hori Altsasun hezurmamitzen delako: hizkuntzaren ezagutza handia eta erabilera eskasa. Gutxi batzuen artean izena ematea erabaki genuen. Eta bilera irekien dinamika abiatu genuen.  Altsasuko zenbait euskaltzarekin batera, hainbait taldeetako ordezkariak batzen hasi ziren: Iñigo Aritza ikastolako, EHEko, Goazen Altsasuko eta EH Bilduko kideak. Udaletik, Zelandi eskola publikotik, bi institutuetatik eta Corazonistak ikastetxeetatik ere interesa azalduko zuten gero. Pixkanaka sare bat osatu zen. Bere alde on eta gabezia guztiekin. Hala ere, bilerak ez dira sekula oso jendetsuak izan. Izan dira egunak 3 pertsona elkartu garenak eta izan dira beste batzuk 8-9 izan garenak. 

 

Nola antolatu zarete?

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko Castillo Suarez teknikariak bilera deialdi guztien berri zabaldu du herriko kontaktuen artean. Whatsapp mezuak ere izan dira. Ekainean eta uztailean bi astean behin edo biltzen ginen, festen ondoren ostioraleroko dinamika hartu genuen. Eta horrela segitzen dugu. Horietan presentzia handiena Mankomunitateak, Guaixek, Ikastolak eta AEK-ko ordezkariak izan dira presentzia jarraituena izan dutenak. Baina, esan bezala, altsasuar euskaltzaleak, 

HEko kideak, beste ikastetxeetako ikasleak eta udal ordezkariak beti jakinaren gainean izan dira. Sortu dugun Whatsapp taldean  ahalik eta gardenen izaten saiatu gara. Horrek bilerak ahalik eta eraginkorrenak izatea ekarri du. 

 

Zailtasunik? 

Euskaraldia lantaldean gaudenak, dagoeneko beste saltsetan aritzen garen pertsonak gara. Lanez lepo gaude eta aparteko lan bat hartu dugu, dinamika honen eragin onuragarrian sinesten dugulako. Lanerako giro ederra sortu da gure artean. Batzuk udaberri akaberatik gabiltza eta beste batzuk esan daiteke azken hilabetean batu direla. 

Aitortu beharra dago Altsasuko egungo egoera dela, eta jendartearen jokabidea dela eta ez dela erraza izan jendea erakartzea. Taldearen kezka handienetako bat izan da gazteak erakartzea. Heldu-gazteen eta gazteen artean dago euskara ezagutza handiena eta haien artean eman daiteke hizkuntzaren erabileran salto handiena. Taldean ez dago gazte jenderik. Eta haiengana iritsi ahala izateko hainbat buru-hauste izan ditugu. Euskalkiaren aldeko lantaldearen bidez gure mezuak gazteei helaraztea lortu dugu, EHEko kideei esker.

 

Xelebrekeriren bat edo beste?

Ferietan izena emateko haima jarri genuen… Eder askoa, bai. Baina ez genuen lortu ordenagailua Internetera lotzea. Gazte abilen bat izan balitz… Hori gutxi ez, eta eskuko telefonoekin jendearen izen ematea egiten hasi eta web orria zintzilikatu egiten zen. Hau irakurtzen ari bazara eta ferietan izena eman bazenuen, baina Euskaraldia aurretik zure e-postara galdetegirik iritsi ez bada… jakizu ez duzula izena eman. Gure erruz, jakina. 

 

Ze bizipen jaso dituzue denbora honetan?

Altsasuar klasiko bat. Pentsa dugu Euskal Herri Guztiko klasikoa dena: izena ematera eta txapa eske berandu iristen denarena. Uste genuen nahikoa txapa eman genuela, bada, ez. Jendea ez dela enteratu esaten ari zaigu oraindik. Hala ere, kalera atera diren taldekideek diote euskara gehiago entzuten dela kalean. Edo txapengatik jabetzen dela orain arte ondoan izan duen pertsona hori euskalduna dela. “Nahiz eta ez hitz egin, txapak ikusita konplizitate bat sumatzen da ezezagunen artean. Keinuak eta bestelakoen bidez”. 

 

Ezezaguna den jendea agurtzen hasi zaigula ere sumatu dugu batzuk.Txapengatik, jakina. Aurrez aurrekoetan edo telefonoan. Zeren ezagun bati telefonoz hots egitera joan eta ikusi duzunean bere iruditxoan Belarriprest dagoela, hizkuntza ohitura bat ekarri du horrek. Horrek elkarrekin komunean zerbait dugula, elkarrekin komunean euskara dugula adierazten digu guri. Bestetik, ikusten dugu Euskaraldiak euskararen inguruan hausnarketa egiteko balio diola jende askori. 

 Azken batean, egun batetik bestera euskara gehiago entzuten da Euskaraldiak txapa bidezko identifikazioaren bidez lehen ez zeuden konplizitate sareak sortu dituelako. Eta hori azaroa hilabete eskasa dela, jendea etxean gelditzen delako. 

 

Azken gonbidapenak…

Mila esker Ahobizi eta Belarriprest rolak hartu dituzuen guztioi. Amets Arzalusek esan bezala ariketaren une garrantzitsuena 12. egunetik aurrera hasten da. Gera bedi euskara gure artean. Baina abenduaren 4 iritsi aurretik Euskararen eguna ospatuk dugu bezperan, abenduaren 3an. Altsasuko Euskaraldiko taldeak Hitzondoko irakurle guztiak 3rako antolatu dugun ekitalditxoan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. 11:45ean Zumalakarregi edo Foru plazetan da hitzordua. Haietatik kalejirak abiatuko dira eta Euskaraldiari behar bezalako despedida eman nahi diogu. 

 

Bide batez, Hitzondok eskaintzen duen aukera baliatu nahi dugu jakinarazpen bat egiteko. Euskaraldian izena emana duzuenok dagoeneko Soziolinguistika Klusterrak bidalitako galdetegia erantzunen zenuten. Bukatu berritan eta bukatu eta hilabeteetara beste bi galdetegi izanen dira. Horiek zintzo erantzuteak aparteko garrantzia duela gogorarazi nahi dugu. 

 

 

Gainera, Altsasuri loteria tokatu zaio eta Euskaraldian izena eman duten herri guztietatik aukeratua izan da, beste 29rekion batera. Eta 30 herri horiekin bestelako ikerketa bat eginen du Soziolinguistika Klusterrak. Alde batetik, Euskaraldiko lantaldeko kideek galdera gutxi batzuk erantzun beharko ditugu. Bestetik, ariketa kolektiboan parte hartu duten altsasuarrek ere galdetegi labur bat erantzuteko aukera izanen dute. Azken hori erantzuteko bilera ireki batera deituko dugu eta bildutakoen inpresioekin osatuko ditugu erantzunak. Beraz, adi egon Euskaraldia bukatu eta hurrengo asteetan eginen dugun deialdi publikoari. Horretan parte hartzeko tarte bat hartzea eskertuko genizuke: euskara komunikazioa delako, euskara zu, zu eta zu garelako, Altsasun euskarak aurretik egiteko bide ederra duelako, elkarrekin.