Mainamikirrirekin egon gara, beno, egia esan bere izpirituarekin edo bera gorpuzteko behar den magia edo kuraiarekin, edo auskalo. Guzti hau ulertzeko, errepresioaren aurka sortu berri den ikur honen inguruan galdegin dugu eta honakoa atera:

 

Nor da Mainamikirri?

Mainamikirri mendeetan atzera Altsasuko herrian edo inguruetan bizi zen sorgin-intxisu sendagilea zen. Herritarren gaixotasunak sendatzeko, osasunaren ariman dauden izpirituak menderatzeko gaitasuna zuen, botere hori naturaren izakiek eman zioten. Baina, gaur egun, Mainamikirri gure artean dagoela somatzen dugu. Mainamikirri, gaur egun, errepresioa eta botoredunen gehiegikeriak pairatu dituen edozein herritarren indarra eta sentipenak dira.

Horri aurre egiteko ateratzen dugun adorea eta energia da Mainamikirri, gure arteko samina eta injustizia istorioak partekatu eta, bakoitzak bestearen sufrimenduarekin bat egiteko sentimendua eta kuraia da Mainamikirri; elkartasuna eta borroka egiteko barruan pizten zaigun grina Mainamikirri da.

 

Erratzak kalera aterako dira, beraz?

Erratzak aterako ditugu, bai, kaleetan errepresio zikina baztertu, jaso eta historiaren zaborrera botatzeko, aurretik beste toki askotan egin duten bezala. Errepresioa ez ahazteko eta beste gauza batzuetara begira jarri ahal izateko. Ez, ahaztu inoiz ez! Baina historian dagokion lekuan paratzeko beharra dugu, behin gainditu ostean, noski.

Kontrolak jasaterakoan, erratzak atera eta jarrera desobedientea izateko garaia da. Erratzak ateratzea, planto egitera deitzea bezalakoxea da. Baimenik ez dugu eskatu behar aske izateko gure herri eta auzoetan; identifikatzeko eskatzen badigute, jarrera intsumitua izatera deitzen dugu jendartea. 

Horrela, pixkanaka-pixkanaka, nahiz eta hasieran gogorra izan guretzako, konfrontazioa emango da Estatua eta bere sistema kriminala zuzentzen duten horien eta herritarren artean, eskubide zibil eta politikoen aldeko akelarrea sortuz.

 

 

Ospa Egunarekin esnatu da Mainamikirri. Ospa Egunaren akaberan, zer?

Ospa Egunarekin bueltatu da, herritarren indarra eta botereak horrela eskatuta. Sorgin-ehiza burutu da sakandarren aurka eta sorginak babesteko ez dago bata bestearen lepotik heldu eta determinazioz aurrera jotzeko kemena bezalakorik. Mainamikirriren izpiritua herritar bakoitzaren azken hezurreraino heldu behar da, aurrerantzean ekimenak proposatuz, jarrera sendoa adieraziz, benetan erratza gainean (antolakuntza) salto egin eta lainoen azpitik eta lainoen babesarekin (herria) errepresio oro gainditu (Estatua, indar okupatzaileak, polizia zipaioak eta abar).

 

Lehen «herri eta auzoetan» esan duzue. Altsasutik harago doan adierazpena omen?

Bai noski. Alde Hemendik, Ospa, Diztela, Pikutara, Hanka, Fan hemendik… berdin zaigu akelarreari jartzen zaion marka, beti ere, sorginak batu eta errepresioaren aurka lanean jartzeko topalekua bada. Esan nahi duguna da, benetan garrantzitsuena hori dela, nazio ikuspegitik, herri eta auzo bakoitzean herritarrak asanbladetan batu eta bakoitzak berean errepresioa biluztu eta indar okupatzaileak seinalatzea.

 

 

Euskal Herriaren desmilitarizaziorako sendabelar edo botere magikorik ezkutuan baduzue?

Antolatu zaitez eta borroka egin ezazu. Hortxe hor formula ederra. Izan ere, desmilitarizazioa diogunean, Euskal Herrian dauden indar okupatzaileen kanporatzearekin ez baikara asetzen. Tranpa hutsa litzateke indar polizial zipaioak edo eta zenbait udal-poliziren jarrerarekin ez amaitzea. Herri honek, bere burua babesteko kanpoko zein barruko mehatxuengandik, nahikoa indarra baduela erakutsi du. Baina, bai, lehenengo afera, bizi dugun gatazka politikoaren gakoei heltzea da, errepresaliatuekin batera, agenda politikoaren lehen lerroan kokatu beharrekoa: DESMILITARIZAZIOA, lehen aipatu bezala, bere osotasunean ulertuta.

 

Zerbait gehitu nahi?

Igo gaitezen guztiok erratzaren gainera eta akelarre ederrak antolatu ditzagun, etorkizuneko sorginek gure sufrikarioa bizi beharrik ez izateko.