Aste honetan ikasle sarearen lehenengo asanbladak burutu dira Altsasuko institutuan. Sakanako Ikasle Abertzaleak deituta, pasa den asteartean, azaroak 27, 20 ikasle inguru elkartu ziren jolas-garaian haien kexak plazaratzeko eta asanblada honi itxura ematen joateko.

Jolas-garaiaren denbora laburra denez hurrengo egunerako bigarren asanblada bat deitu zuten; eztabaidarekin segi ahal izateko.

Asanblada hau azkeneko urteetan ikasleek jasandako erasoei erantzuteko sortu da. Hainbat eraso larri identifikatu dituztela diote ikasleek eta erantzuteko momentua ikusi dutela. Asanbladaren funtzioak eta antolaketa definitzeko dute oraindik, baina bere helburuen artean erasotuak diren ikasleei babesa eskaintzea kokatzen dute.

Hau da Sakanako Ikasle Abertzaletik asteartean helarazi ziguten idatzia:

«2018ko azaroaren 27an hogei lagun inguru bildu gara Altsasuko institutuko areto nagusian. Azken urteetan jasandako erasoez kontziente, ikasleok erantzuteko garaia ikusi dugu, beti ere elkartasuna oinarri hartura. 2018-2019 ikasturtea hasi denetik hainbat eraso larri identifikatu ditugu: gure arteko jazarpena, irakasleen mespretxu eta gutxiespenak besteak beste.

Jolas-garaiak dituen 30 minutuetan ezin izan dugu asanbladaren funtzioak eta antolaketa markatu. Hau baita denbora ugarirekin eta praktika bidez garatzen joango garen prozesua. Baina hasieratik argi dugu era kolektiboan lan egitea beharrezkoa dela erantzun indartsu bat eman ahal izateko. Erantzuteko gaitasun gehiago garatu ahal izateaz gain, erasotuak beharko duen babes emozionala adierazteko tresna izan nahi dugulako. Ikasleon gehiengoak ez dakigu nora jo eraso bat jasaten dugunean (hori, erasoa identifikatzeko gaitasuna baldinbadaukagu). Babes ezaren aurrean ez dugu baliagarria ikusten salatzea. Eta gutxika normaltzat hartzen goaz eguneroko gutxiespenak. Honek guztiak gure ikastetxean burutzen ditugun harremanetan eragin zuzena dauka.

Gehitzekoa da asanblada honen sorrerarekin zuzendaritzak elkarlanean aritzeko proposamena egin digu. Baina oraindik gelditzen zaigu eztabaidatzear zer nolako harremana izango dugun ikastetxeak osatzen duten instituzioekin. Honi jarraipena eman ahal izateko bihar jolas-garaian 2.asanblada deitu dugu.»